OROKORRA

maiatza 20, 2013

Herri bakoitzak bere festak ospatzen ditu. Lehenbizikoak Aitzoaingoak izaten dira, Santa Agedatan (otsailaren 5a) eta azkenak, aldiz, Larragetakoak, Arrosarioko Ama Birjinatan (urriaren 2a). Herriko festez gain, udalerriak Zendeako Eguna egiten du urtean behin, irailaren azken larunbatean. Hamar herrietako auzokideen topalekua izaten da. Urtetik urtera, txandaka antolatzen da, herri desberdinean. Egun osoko festa eguna da eta denetariko ekitaldiak daude.

Urte barnean, beste jairik ere izaten da, esaterako: San Isidro (maiatzaren 15a). Egun horretan, Añezkarrek, Larragetak eta Oteitzak beren erromeria egiten dute. Ekainaren 23an, Donibane bezperan, udako solztizioko su garbigarriak pizten dira Zendeako zenbait tokitan.

Neguan sartu baino lehen, Komesaindu egunean (Santu guztien eguna, azaroaren 1ean), Berriobeitin gaztain-jatea egiten dute. Auzokideak elkartean eta kontzeju etxean biltzen dira, udazkeneko gaztaina erreak jateko.

Artikan ere gaztain-jatea izaten da, baina Eguberrietako giroaren barnean. Olentzero abenduaren 24an iristen da herri horretara eta, Berriobeitira, aldiz, Erregeak, urtarrilaren 5ean.


<< atzera