Historia

ZENBAIT DATU

Aztarnek erakutsi dute gizakia hemen bizi izan zela historiaurrean. Horra, esate baterako, Artikan bildutako harri leundua, Brontze Arokoa, eta, bestetik, Burdin Aroko asentamenduaren arrastoak Añezkarko mendian. Halaber, erromatarren garaian, izan zen herrixkarik, horren lekuko dira Oteitzako bi hilobi-inskripzio.

Erdi Aroan, gaur egun desagertuak dauden bi herri izan ziren: Lakidain, Larragetatik hurbil eta bestea, aldiz, Osabide, Eltxumendin. Jose Maria Jimeno Juriok bere “Iruñerriko toponimia” liburuan dio ehun biztanle inguru zeudela. 1553an, Larragetan bizi zen jenderik gehien: 19 auzokide. Ondoren, XIX. mendean, udalerrian 200 biztanle bizi ziren eta Berriogoiti zen herririk handiena. Zehazki, 30 gizon-emakume bizi ziren. Jakina, XX. mendean, demografiak aldaketa nabarmena izan zuen eta 80ko hamarkadan 1.200 bizilagun izatera iritsi ginen. Kopuru horrek 90eko hamarkadan behera egin zuen, baina azken urteotan berriz ere gora jo du. Gaur egun, udalerriak 2.000 biztanle inguru ditu eta etengabe ari da hedatzen.

Erdi Aroan, eta XIX. mendera arte, auzokide gehienak nekazariak eta petxariak ziren. Gogoratuko dugu hiriburuaren ondoko herriak Iruñeari lotuta egon zirela kontu batzuetan. Gainera, hainbat herri elizako instituzio batzuen mendean sartu ziren, hau da, Eliza zen herri horietako jauna edo agintaria. Esate baterako, 1607an, Aitzoainek hamabi etxe zituen eta horietatik zortzik, urtero-urtero, garitan ordaintzen zizkioten zergak Ganberako Kalonje Artxidiakonoari. Bestalde, Añezkarko hamaika auzokidek petxak ordaintzen zizkioten Iruñeko San Agustin monasterioari eta Berriobeitiko bostek, urtero ere, betirako zerga bat ordaindu behar zieten katedralari eta Orreagako kolejiatari. Berriogoiti Berrioko Joanen jaioterria izan zen eta berea zen herriko jauregia. Bada, herriak hogeita bat etxe zituen eta horietatik hamaikak petxak eta bestelako zergak ordaindu behar zituzten; Elkarteko hamabi etxeetatik hamaikak Irantzuko Santa Mariari ordaindu behar zizkioten zergak; Lozako zortzi etxeetatik, zazpitan maizterrak bizi ziren eta Larragetako hamaseietatik, bederatzitan.

XVII. mendean, eztabaida handia izan zen Nafarroako zaindariari buruz. Horrela, Diputazioak eta Jesuitek San Frantzisko Xabier proposatu zuten eta, aldiz, Iruñeko Udalak eta apaiz-jendeak San Fermin. Eztabaida garratz horretan, Zendeako diputatuak eta kontzejuek San Ferminen alde jokatu zuten argi eta garbi, “aipatu ibar horrek ez baitu erresuma honetako zaindaritzat aitortzen ez San Frantzisko Xabier, ezta bertze inor ere, baizik eta San Fermin martiri garaitu gabea”. J.M. Jimeno Juriok bere “Diccionario histórico de los municipios de Navarra” liburuan dioen gisan, abadeek eta bikarioek ere San Fermin aitortu zuten zaindari bakartzat eta beren iritziz, Diputazioak San Frantzisko Xabier inposatu nahi zuen.

Azken gerrate karlistaren ondotik, Ezkabamendiko kaskoan Alfontso XII.a gotorlekua eraiki zuten, haraino iristeko errepidea eta guzti. Era horretan, eragotzi nahi zituzten Ezkaba menditik Iruñearen kontra egin zitezkeen eraso artilleroak. Munta handiko lana izan zen hura eta langile askok eta askok aritu behar izan zuten lanean. Horietako aunitz, inguruko herrietan hasi ziren bizitzen.

BILAKAERA ADMINISTRATIBOA

Udalerria Antsoain Zendeari lotuta egon da 1991ara arte. Urte hartan, Zendeatik atera zen Antsoain eta, orduan, Berriobeiti pasa zen herriburua izatera eta izena ere eman zion Zendeari. Aspaldian, XVII. mendean ere, Zendeaburua izan zen baina XIX. mendearen erdian, Berriogoitik hartu zuen lekukoa eta, geroago, Berriozarrek. XIX. mendera arte, diputatu bat izan zen Zendeako agintari gorena. Bere eginkizunetako bat izaten zen herriko batzarra deitzea, eta batzar bat zegoen herri bakoitzeko. Batzarrean herriko konturik garrantzitsuenak aztertu eta erabakitzen zituzten.

Bere aldetik, kontzeju bakoitzeko alkatea bi urtetik bi urtera aldatzen zen. Zehazki, herri bakoitzeko familia buruak izan zitezkeen alkate eta bere botoak ez zuen gainerako auzokideenak baino gehiago balio. Batzarra irekia zen eta erabakiak gehiengoz hartzen ziren. Auzokide guztiek kontzejua gobernatu behar zuten eta laguntza ere eman behar zioten. Izan ere, gutxienez urtean bi aldiz, auzokideek auzolanean parte hartu behar zuten, herriaren alde lan egiteko: bideak konpontzen zituzten eta bestelako lanetan ere aritzen ziren. Antolaketa molde horrek XX. mendearen azken laurdenera arte iraun zuen.

XX. mendearen urte gehienetan, Zendeako agintariak zinegotziak izan ziren alkatearekin batera. Nafarroako gobernadoreak izendatzen zuen alkatea. Bi zinegotzi Nekazaritza Ganberari zegozkion, bat Industria Ganberari eta beste bat familia-zentsoari. Lau urtetik lau urtera, karguak osorik berritzen ziren, zinegotzi bat kenduta eta horrexek beste lau urte ematen zituen.

Lehenbiziko udal hauteskundeak egitearekin batera, sistema zaharra bukatu zen. Hauteskunde haietan emaitzak hauek izan ziren: Alderdi Sozialistak (PSOE) 7 zinegotzi lortu zituen; Acción Municipal Obrera (AMO) taldeak 5; Unión de Centro Democrático (UCD) taldeak 3; eta Herri Batasunak (HB) 2.

Antsoain herria Zendeatik atera ondoren egin ziren lehen hauteskundeetan, 1991n, kandidatura independenteak 5 zinegotzi lortu zituen eta Herri Kandidaturak, bere aldetik, 2.

EUSKARA ZENDEAN

Biztanleak euskaldunak izan ziren XIX. mendera arte eta XX. mendearen hastapenetan bazen oraindik ere euskal hiztunik bertan. Lekukotasun ugaritan bildua dago, bestalde, XVIII. mendeko biztanleak euskaldun hutsak zirela. Horrela, 1629ko martxoaren 5ean, Larragetan ezkondu ziren Ballariaingo Hernando eta Aldabako Graziana. Ezkontza eginik, notarioak ezkonberriak deitu eta kontratuaren baldintzak euskaraz azaldu behar izan zizkien, ez baitzekiten beste hizkuntzarik mintzatzen. Jose Maria Jimeno Juriok bere “Diccionario histórico de los municipios de Navarra” liburuan dio Berriozarko bi erregidoreek auzitara eraman zutela sortzez Lizarrakoa zen apez baten izendapena (herrian bikario izatekoa), auzokideek eta bizilagunek erabiltzen zuten hizkuntza (euskara) ez zekielako (1707). Arrazoi berbera zela medio, Añezkarkoek eta Oteitzakoek errefusatu zuten Leireko abadeak izendatutako apeza, “aipatu herrietako auzokideek eta bizilagunek ez dutelako euskara ez den bertze hizkuntzarik konprenitzen eta hitz egiten” (1728-1729). Apezek dotrina kristaua euskaraz irakasten zieten beren eliztarrei, “en lengua vasconica” (Elkarte, 1752).

Felix Sarasa Aldaregia Berriogoitin sortu eta gerrillaria izan zen Napoleonen aurka. Artikara ezkondu eta Txolin deitu zioten, ziurrenik Zolinena edo Txolinena etxean bizitzeagatik. Bada, bere adiskide Espoz Mina jeneralak hartaz esan zuen sekulan Nafarroan bizi izandako euskaldunik hutsena izan zela, eta arras gizon ezaguna ere Iruñean eta Mendialdean.

Volver arriba