Biografia Zertzeladak

Atal honetan jasotako informazioa Ángel García-Sanz Marcoteguik zuzenduriko “La Comarca de Pamplona. Territorio, economía, sociedad e historia” (Iruñerriko Mankomunitatea. 2002) obratik ateratakoa da.

OSACAR ECHALECU, TIBURCIO (BERRIOGOITI, 1869-IV-14 /IBERO INGURUAN, 1936KO ABUZTUA?).

Jose Osacar Zabalza jornalariaren eta Manuela Echalecu Sarasateren semea izan zen, biak Berriogoitikoak eta herri horretan ere beren alaba zaharrena jaio zen, Francisca. Familia Iruñera joan zen bizitzera, Santo Andia kalearen 4ra, eta etxe horretan sortu ziren gainontzeko seme-alabak.

Langile tipografoa izan zen, bai eta kazetaria ere. 1894an, Donostiako Thun-Thun astekaria zuzendu zuen eta bi urte geroago kolaboratzailea zen El Eco de Navarra egunkarian. Hainbat artikulu idatzi zituen egunkari horretan, esaterako: “Pachi”, “El Día de difuntos” edo “¡Agua!”, fragata espainiar batek Kuban izaniko borrokaren gainean, modu aberkoiaz azaldua.

1898an, El Irunsheme. Semario Satírico aldizkariko zuzendaria izan zen, 1896ko irailaren 6an plazaratua. Astekari horrek Iruñeko jende eskuindar-eskuindarren pentsamoldea ederki astindu zuen.

XX. mendeko bigarren hamarkadan, Zaragozan bizi izan zen. 1920 inguruan, Iruñera itzulia, hainbat kargu izan zituen UGTn eta PSOEn, eta langileriaren aldeko mintzaldi eta mitin askotan aritu zen hizlari. 1931ko apirilaren 14an, Iruñeko udaletxeko balkoitik mintzatu zitzaion plazan bildutako jendeari beste hizlari batzuekin batera eta, urte hartan berean, errepublikar eta sozialisten zerrendan izan zen hautagai, ekainaren 28ko hauteskundeetan.

Errepublika garaian, mitin aunitzetan aritu zen, bai Iruñean, bai Erriberako hainbat herritan. Zuzendari izateaz gain, artikulu ugari ere idatzi zituen Iruñeko UGT sindikatuaren ¡¡Trabajadores!! aldizkarian. Argitalpen horretako azken aleak Tiburcioren artikulu bat ekarri zuen: “Del momento actual. CALMA, VALOR Y VISTA”. Hartan aipatu zuen borroka politikoetan nagusitzen ari zen indarkeria giroa, eskuindarrei leporatzen zien horren errua, eta bere taldekideei lasaitasuna gomendatu zien.

19an atxilotu zuten. Handik gutxira, abuztuan omen, altxatuek Ibero inguruan hil zuten. 67 urte zituen eta Adelaida Andrés Galindorekin ezkondua zegoen (Cariñena, 1886).

SARASA ALDAREGIA, FELIX (“TXOLIN”) (BERRIOGOITI, 1768-IV-23).

Espoz Mina jeneralaren aginduetara frantziarren aurka borroka egindako gerrillaria. Beti esan izan da Artikako semea zela, baina bera handik hurbil dagoen Berriogoitin sortu eta, ziur aski, Artikara joan zen bizitzera, emakume artikar batekin ezkondu eta gero.

Bere gurasoak Pedro Angel Sarasa Muru (Beltzuntze) eta Martina Aldaregia San Martín (Berriogoiti) izan ziren. 1790ean, Catalina Sarasa Elizalderekin ezkondu zen (Artika, 1770-1806), Zolinena edo Txolinena etxekoa, eta izen horretatik hartu zuen goitizena. Gutxienez, sei seme-alaba izan zituzten. Gero, 1809an, bigarren aldiz ezkondu zen Olatz Subitzan, Sebastiana Nagore Etxeberria alargunarekin eta, gutxienez, alaba bat izan zuten.

Nekazari lanetan aritu zen bere jaioterrian. Euskara zen bere hizkuntza, ia ez zekien gaztelaniaz eta Espoz Minak hartaz esan zuen sekulan Nafarroan bizi izandako euskaldunik hutsena izan zela, eta arras gizon ezaguna ere Iruñean eta Mendialdean. “Lehenbizikoa agertzen zen beti herri handi, ertain eta txikietako azoka, erromeria edo zernahi festatan… Mundu guztia ezagutzen zuen eta mundu guztiak bera ezagutzen zuen, eta ez zegoen herrialde osoan berak ezagutuko ez zuen bide, bidexka edo ezkutalekurik”.

1809ko uda hasieran, beste herritar batzuekin batera, aurre egin zieten Iruñean soldadu frantziar batzuei. Soldadu horietako bat hil zuten eta, ondorioz, ihes egin behar izan zuten. Laster, gerrillari talde bat osatu eta, denbora puska batera, dozenaka gizon izatera iritsi zen. Gerrillari talde hark Javier Mina eta Francisco Espoz Minaren aginduetara borrokatu zuen.

1810eko martxoaren 29an, frantziarrek Javier Mina harrapatu ondoren, Txolinek haren osaba Espoz Minaren buruzagitza aitortu zuen. Orduan, Espoz Minak aduanen zerbitzuko arduradun izendatu zuen, sarjentu mailarekin. Ordutik aurrera, muga aldean aritu zen Irundik Orreagaraino. Horrela, gerrilla merkantzia baliotsuaz hornitu zuen, baina zenbaitetan, etsaiek Txolinen gizon batzuk harrapatu eta merkantziak atzeman zituzten. Frantziarrek, gainera, bere emaztea giltzapetu eta Frantziara bidali zuten, bost seme-alabekin batera. Frantziarrek Txolinen burua saritako paratu zuten eta bando hura euskaraz ere argitaratu zuten Iruñean. Hona hemen puska bat, egungo grafiarekin: “…Orobat entregatuko zaizkio bi mila duro edozein pertsonari, harrapatzen badu, edo hiltzen badu Jefeak nonbratuak Gorriz, Ulzurrun eta Txolin, bakotxandako bi mila duro”.

Napoleonen kontrako gerra bukatzean, Txolin kapitaina zen. 1816an, espetxeratu zuten Espoz Minaren beste ofizial batzuekin batera, beren buruzagi ohien konspirazio asmoetan nahasirik zeudelakoan. Ez zituzten askatu 1812ko Konstituzioa 1820an berriz ezarri artean. 1833an Iruñean bizi zen.

SARASA (ISTURIZ0TEN. ORDUTIK AURRERA, GERRA EKINTZA AUNITZETAN PARTE HARTU ZUEN. HORRELA, 1813AN, MENDIBIL, TAFALLA ETA TUTERAKOETAN, BAI ETA ZARAGOZAKO ETA JAKAKO SETIO ETA ERRENDIZIOETAN ERE.

Gerran mailaz igo zuten: sarjentua, tenienteordea, tenientea, kapitaina eta, 1814an, bere dibisioko kuartel orokorreko gobernari izendatu zuten. Ondoren, Madrilgo Boluntarioen Erregimentura pasa zen eta, geroago, Erreginaren Infanteriako Erregimentura, 1823ra arte. Orduan, barkatu egin zioten konstituzio-denboraldian izan zuen portaera eta, 1826an, lan bat eman zioten Malagan. 1828an, lan hori utzi eta lizentzia eman zioten. Egoera horretan 1833ra arte iraun eta ez dago inon jasoa hortik aurrera egin zuen ibilbidearen berri.

Volver arriba