Eguraldia |CASTELLANO | 2010eko irailaren 8a
aquí esta la fecha
Lurzorua, batez ere, eozenoko marga grisa-urdinez osatua dago (tufarriak), Iruñerrian nonahi daudenak. Higadurak eragindako glazisek estalitako margak dira, lurraldea zedarritzen duten mendien orpoetan. Maiz, azaleratzen dira eta lurrazala, oro har, emankorra da eta laborea lantzeko oso aproposa. Gaur egun, ia ez da mahastirik gure herrietako maldetan, ezta Ezkabamendiko magalean ere. Lehenago, ordea, josia zegoen eta Jose Maria Jimeno Juriok bere "Diccionario histórico de los municipios de Navarra" liburuan dioen bezala, mahats horrekin graduazio apaleko ardoa egiten zen eta jendeak Ezkabako txakolina deitzen zion.
Klima azpimediterraneoa da eta, ondorioz, trantsizioko landaredia dago, hau da, pagoz eta haritzaz osaturiko oihan mistoa ospelean eta arteak eguzkialdean. Halaber, gaur egun, toki askotan pinudiak daude, XX. mendeko lehen erdian landatuak.
Beraz, ez da harritzekoa oihan horietan basa faunak modu nabarmen xamarrean bizirik iraun izana: erbiak, untxiak, azkonarrak, katagorriak, lepahoriak, basakatuak, ontzak, arranoak eta saiak. Lehenago, eper gorri asko zegoen, baina gaur egun galzorian dago. Eta ez aspaldi arte, otsoak ere gure bazterretan ibiltzen ziren. Horrela, 1740an, hiru txerri hil zituzten Oteitzako mendian.
Ez dago ibai nabarmenik, baina iturri aunitz daude, bai eta errekak ere; handiena Xulapaingo erreka da, Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeitin barna doana.
Nabarmentzeko modukoak dira Lozako baltsa eta Putzu Berri esaten zaion putzua, Larrageta eta Itza artean. Berezko aintzirak dira, ez baitugu ahaztu behar gure udalerrian euri handi xamarra egiten duela urte osoan. Beraz, baltsa horiek ura izaten dute bereziki otsailetik maiatzera edo ekainera arte, betiere udazkenean eta neguan behar bezalako euria egin badu.
Lozakoan hegazti migratzaileek aterpe hartzen dute. Horietako askorentzat, azken pausalekua izaten baita Pirinioak zeharkatu baino lehen, urtero iparralderantz egiten duten bidean. Baltsa hori, beraz, hegazti espezie aunitzen topalekua da eta, behin batean, 42 espezie zenbatu genituen hegazti urtarren artean. Udan, baltsa lehortu eta belar gozo-gozoa agertzen da, inguruko aziendarentzako bazkaleku benetan egokia.