2026ko apirilak 29

Berriobeitiko Liburutegi Publiko berriaren proiektua aurkeztu da

Berriobeitiko Udalak Artika Berrian kokatuko den Berriobeitiko Liburutegi Publiko berriaren proiektua aurkeztu du gaur goizean. Bertan izan dira Berriobeitiko alkate Felix Remirez, Kultura Batzordeko presidente Donald Navas eta proiektua egin duen enpresa, Peralta-Ayesa Arquitectos.

Alkateak Artika Berria zonaldea zerbitzu publiko berriez hornitzearen garrantzia azpimarratu du, Artika Berria, Etxebakarrekin bat, Zendeako biztanle-gunerik handiena bihurtu baita. Gainera, lekualdaketaren arrazoi nagusietako bat egungo liburutegia, María de Maeztu Kultur Etxean dagoena, eta eraikin berean dagoen musika eskola fisikoki bereizteko beharra izan dela adierazi du. “Gaur egun, Musika Eskolak 410 ikasle ditu, pertsona kopuru handia, eta horrek eragozpenak sortzen ditu joan-etorrietan eta, batez ere, espazioak erabiltzeko orduan. Hori dela eta, bateraezina da liburutegiak eta musika eskolak espazio bera partekatzea”.

Bestalde, Donald Navas pozik agertu da anbizio handiko proiektu hau martxan jartzeagatik; izan ere, ez da liburutegi eta zerbitzu publiko bat soilik, baizik eta berdintasuna eta demokratizazioa sustatzen duen publiko guztiari irekitako topagune bat. “Kultura ondasun beharrezkoa da, guztiok berdintzen gaituena eta gure osasun mentalaren alde egiten laguntzen duena”.

Berriobeitiko Liburutegi Publiko berrirako proiektuak, Peralta-Ayesa Arquitectos enpresak egindakoak, bi sarbideko atari bat (hiritik eta Usain gozoen parketik) eta hiru gune nagusiko eraikin bat planteatzen ditu: harrera-gune bat, gune orokor bat eta haurrentzako gune bat. 1.211 metro karratuko azalera izango du, eta Iruñerriko bigarren handiena izango da, Txantreako Liburutegi Publikoaren atzetik.

Harrera-gunean honako hauek kokatuko dira: arreta-mahaia, mailegu automatikoen eta dokumentuak itzultzeko gunea, eta liburutegiko jarduerak eta proiekzioak egiteko edo ikasteko gela gisa erabiltzeko balio anitzeko gela kokatuko dira.

Gune orokorrean formakuntza eta sorkuntzarako espazio berritzaile bat jarriko da martxan (Makerspace), Nafarroako Liburutegi Publiko batean instalatzen den lehena. Teknologia eta tresna digitalez hornitua egongo da (ordenagailuak, 3D inprimagailuak, bideo- eta soinu-edizioa…), erabiltzaileek beren proiektu eta ideiak sortzen eta garatzen ikas dezaten, banaka edo talde txikietan.

Eremu orokorra osatzeko, informazio-gune bat eta Funts Orokorra (342 metro koadro) egongo dira. 6 ordenagailu-postu, hemeroteka-gune bat (aldizkariak, egunkariak), ikus-entzunezkoen gune bat, gazte-liburutegirako gune bat, irakurketa formalerako eta lanerako gune bat, irakurketa informalerako gune bat eta dokumentu-espazio bat izango ditu, eta baita hiru laguntza-espazio, 20, 19 eta 21 metro koadrokoak, taldeentzako lan-gela gisa erabiliko direnak.

Haurrentzako espazioak informazio-gune bat eta 190,50 metro karratuko haurrentzako funts bat izango ditu, 4 ordenagailu-posturekin, informazio- eta mailegu-mostradorearekin, irakurketa formaleko eta informaleko espazioekin eta dokumentu-espazioarekin. Era berean, jarduerak egiten laguntzeko gune bat eta edoskitze eta biberoi gune bat aurreikusi dira.

Eraikinaren kanpoko irudiari dagokionez, hiru materialen aldeko apustua egin da: harria, egurra eta beira. Usain gozoen parkearen gune berdearekin integratzeko, estalkian landare-akabera bat eta perimetroko landare-zerrenda bat proposatu dira.

Liburutegi publiko berria Artikaberriko “Mogotes Sektorean” kokatuko da, iparraldean Akitaniako Leonor kalearekin, mendebaldean Artikako Euntzea  kalearekin eta ekialdean Usain gozoen parkearekin muga egiten duen lurzatian.

Proiektuak 5.100.000 euroko inbertsioa eta 14 hilabeteko epea du gauzatzeko. Udalaren asmoa obrak uda ondoren hastea da, eta, beraz, azpiegitura 2027aren amaierarako edo 2028aren hasierarako egongo litzake prest.

 

Volver arriba