Azken agurra eta omenaldia José Ramón Pabollet Ballariaingo auzokideari
Igande honetan, urtarrilaren 27an, Ballariaingo Kontzejuak José Ramón Pabollet Pascal omenduko du, bizitza osoa bere herrian bizi izandako Ballariaingo auzokide bakarra. Joan den azaroaren 27an hil zen.
Auzokideek berek antolaturik, azken agurra emateko ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, garbitegian paratu den plaka agerraraziko baita. Gero, otamena eskaini, eta 14:30ean, bazkaria izanen da. Kontzeju Etxean, gainera, argazki erakusketa txiki bat paratu eta, bazkalondoren, pare bat bideo emanen dira.
2012an, José Ramón Pabollet Zendearen Eguneko foiletoaren protagonista izan zen, urte hartan jaia Ballariainen ospatu baitzen. Elkarrizketa egin zitzaion, eta haren lekukotasuna jakingarria izan zen benetan herri txiki horretako historia ikasteko.