2024ko abenduak 5

Babes ofizialeko 100 etxebizitza inguru Etxebakarren

Udalak abenduaren 4ko osoko bilkuran onartu du Etxebakarreko R-9 lur saila besterentzea, inguru horretan babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko. Etxebizitzak eraikitzeko lur hori salduta, Udalak etxebizitzaren eta egungo higiezinen merkatuaren arazoari erantzun nahi dio, eta Berriobeitiko udalerrian erroldatuta dauden pertsonen beharrei erantzun.

Lursailan babes ofizialeko 100 etxebizitza inguru eraikiko dira. %25 alokairuan izango dira, erosteko aukerarik gabe, eta 35 urtetik beherakoei zuzenduta egongo dira. Gainerako %75  salmentan dauden babes ofizialeko etxebizitzak izango dira. Beheko solairuaren azalera (403 m2) Udalari laga behar zaio.

Bai salgai dauden etxebizitzetarako bai errentan hartutakoetarako, lehentasuna izanen dute Berriobeitiko udalerrian erroldatuta dauden pertsonek. Etxebizitza libreak geratuz gero, erroldatuta ez daudenei irekiko zaie.

Aurreikuspenak betetzen badira, etxebizitzak maizterrei eta jabeei esleituko zaizkie 2025eko bigarren seihilekoan.

Ezkaba mendiaren magalean kokatua, Artika Berriko Etxebakar sektorea ingurune paregabean dago, naturatik gertu eta Nafarroako hiriburuarekin eta Berriobeitiko udalerriarekin ondo komunikatuta. Aurreikusita dago 266.254 metro koadroko azalera duen bizitegi-eremu berri horretan 1.421 etxebizitza eraikitzea; horietatik 711 libreak izango dira, 432 BOE eta 278 PTE.

Urbanizazioa osatuta
Urteetako atzerapenaren ostean, iaz egin zuten eremuaren urbanizazioa. Azpiegituren artean, erdiko plaza bat nabarmentzen da; kale mistoen bilbe ortogonal bat eta oinezko bat, Ezkaba mendiarekin bisualki konektatzen dutenak; 12 hektareako parke publiko bat, hegoaldean egungo trenbideak mugatzen duena, bizitegi-gunearekin eraiki berri den pasabide baten bidez lotuko dena.

Era berean, aparkalekuak jarriko dira, eta, PA-30 ingurabidearen ondoan, zarataren aurkako pantaila bat jarriko dute trenbidearen trazaduraren paraleloa den hiri parke baten ondoan.
Urbanizazioak beharrezko zerbitzu guztiak ditu (saneamendua, hornidura, elektrizitatea, telefonia, gasa…), hainbat motatako zoladurak dituzten oinezkoentzako guneak, hormigoi koloreztatuzko bidegorria eta aglomeratu asfaltikoa oinarri duen galtzada.

Volver arriba