Berriobeitik 2025eko aurrekontuak onartu ditu
Berriobeitiko Udalak abenduaren 4ko osoko bilkuran 7.161.028,31 euroko aurrekontua onartu du 2025eko ekitaldirako, EH Bildu, Plazaola, VAB eta PSNren aldeko 7 botorekin eta AAB, UPN eta PPren kontrako 6rekin. Aurrekontuak zerbitzu publiko sendoagoen eta kalitate handiagokoen aldeko apustua egiten du, eta Udaleko arlo desberdinetara bideratutako partidak handitzea, udalerriko kultura, gazteria, kirol eta euskara programak zabaltzea ahalbidetuko dutenak.
Datorren urterako inbertsioak 1.141.268,30 eurokoak izango dira (aurrekontuaren %16), eta partida esanguratsuenen artean 2025ean egingo diren eraikuntza berrietara bideratutakoak daude, hala nola, Artikako plaza nagusia (250.000 euro), bide publikoan pergolak jartzea (140.000 euro), Lozako kontzejuan estalitako kirol-eremu berria (40.000 euro), eta etorkizuneko proiektuetarako diru-esleipenak, hala nola, Artika Berrirako liburutegi publiko berria egiteko proiektua (150.000 euro) edo mediku-kontsultategi berriaren obra-zuzendaritza (84.768.30 euro).
Era berean, kirol instalazioak hobetzearen aldeko apustua egin du aurrekontuak: gimnasioetako aparatuak berritu eta Berriobeitiko kirol instalazioak (41.000 euro) zein Artikako KHkoak (36.000 euro) hobetuko dira; haur parkeak berrituko dira (50.000 euro); eta bide publikoan hainbat jarduera egingo dira: espaloiak konpondu, oinezkoentzako pasabideak beheratu eta hiri-altzariak jarri.
Bestalde, kanpoko lanen zerbitzua indartuko da, zerbitzu anitzetako hiru langile berri gehituta, garbiketa eremua indartzeko eta lorezaintzako taldea sendotzeko; eta administrari-ofizialaren beste lanpostu bat ere izango da, administrazio-zerbitzua indartzeko, Artika Berriko herritarren arretarako bulegoan (Artigune 2).