Haurrak D ereduan matrikulatzearen aldeko kanpaina
Urtero bezala, Berriobeitiko Euskara Zerbitzuak kanpaina bat abiarazi du, Nafarroako beste 23 udalekin batera, hiru urteko haurrak D ereduan matrikulatzearen alde (aurrematrikulazioa egiteko epea otsailaren 1etik 7ra izanen da). Aurtengo leloa “Hautatu hezkuntza euskaraz: hautatu D eredua” izanen da. Diptikoak, kartelak eta youtuben ikusgai dagoen bideo bat argitaratu dira kanpainaren berri emateko, betiere kanpainaren hiru funtsak oinarri hartuta: esperientzia pedagogikoa, eleaniztasuna, eta familia ez euskaldunendako mezuak. Lekukotasunak norberaren esperientziaz mintzo dira, bai eta D ereduan ikasi izanak ekarritako abantailez ere. Guztiek kalitatea eta esperientzia nabarmendu dituzte, eta horrez gain, eleaniztasunaren abantailak, euskaldun izateak dakarren balio erantsia, edota emaitza onak D ereduan aritu ondoren, hala ikasketetan nola ondoko lan ibilbidean.