2021eko maiatzak 19

“Isilik seguruago bidaiatzen dugu” kanpaina billabesetan

Iruñerriko Mankomunitateak eta garraioaren zerbitzuaren enpresa emakidadunak, TCCk, “Isilik seguruago bidaiatzen dugu” kanpaina jarri dute abian, pandemia-garai hauetan Eskualdeko Hiri Garraioaren (EHG) segurtasuna hobetzeko. Kanpainak gomendatzen du ez hitz egitea –ez beste batzuekin, ez eta telefonoz ere– billabesaz bidaiatzean, kutsatzeko arriskuari aurrea hartzeko neurri moduan. Arrazoia aerosolak igortzea murriztea da, hitz egitean eta sarritan maskara inkontzienteki mugitzean aireratuak. Hartara, lehenago abian jarritako eta Nafarroako Gobernuak finkatutako beste neurri batzuei gehitzen zaie gomendio hau, besteak beste, maskara nahitaez erabiltzeari, leihoak irekitzeari airea ibiltzea laguntzeko eta ibilgailu guztietan gel hidroalkoholikoa emateko banagailuak kokatzeari. Zerbitzuko markesinetako eta autobusetako publizitate-guneetan emango zaio zabalkundea kanpaina berri honi.

Horrez gain, “Tu Villavesa” aplikazioak –Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren datuei buruzko informazioa ematen du denbora errealean– geraleku bakoitzean autobus bakoitzaren okupazio-mailaren gaineko aurreikuspenak erakutsiko ditu hemendik aurrera. Alde horretatik, eta billabesek egunero egiten dituzten 3.000 ibilaldiak baino gehiago kontuan hartuta, gogora ekarri behar da %3 baino gutxiago direla Foru Aginduan finkatutako edukiera gainditzen dutenak (%50, betiere flotaren edukierak horretarako bidea ematen badu). Funtzio hau operatibo dago jada app-aren deskarga berrietan eta bai aplikazioa jada instalatuta duten smartphone-etan automatikoki eguneratzen denean ere.

Neurri horiei guztiei webgune berri bat gehitu behar zaie. Bertan, ezarri diren prebentzio-ekintzen informazio osagarria dago, eta billabesen leihoetan kokatuta egongo den QR kode bat irakurrita kontsultatu ahal izango da.

Volver arriba