2022ko abenduak 16
Javier Costaren pintura-erakusketa
Artikako María de Maeztu kultur etxean Javier Costa Biurrun margolari iruindarraren erakusketa dago. “Paisaia berrituak” erakusketak 24 lan biltzen ditu, hiru gairen ingurukoak: ibaia, itsasokoak eta ilunabarreko argiak, eta autorearen leku errepikariak eta maitatuak erakusten dituzte. Erakusketa urtarrilaren 13ra arte egongo da irekita.
Javier Costak Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zuen bere arte-prestakuntza, eta bi urte eman zituen Marrazketa Artistikoan. Bartzelonako Unibertsitateko Arte Ederretako lizentziaduna da eta Plaza de la Cruz institutuan eta Iruñeko Arte Eskolan katedraduna izan da 40 urtez. Banakako hainbat erakusketa egin ditu eta erakusketa kolektiboetan ere parte hartu du.