Ortzadarraren koloretako zebra-bidea
Udalak ortzadarraren koloreak eman dizkio zebra-bide bati, homofobia, transfobia eta bifobiaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egin izanaren erakusgarri. Egun hori maiatzaren 17a da.
Udalak gogora ekarri nahi du ez dituela inola ere onartzen eta guztiz arbuiatzen dituela bai sexu-joerengatik, bai genero-identitateagatik, jendeak pairatzen dituen bazterkeriak.
Homofobia, transfobia eta bifobiaren kontrako Nazioarteko Eguna maiatzaren 17an ospatzen da. Izan ere, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik ezabatu zuen, eta horixe ospatzen da, hain zuzen ere.
Helburua da homosexualek, bisexualek eta transexualek pairatzen duten bazterkeria salatzeko ekintzak koordinatzea -denetariko ekintzak- eta haien eskubideei mundu osoan bultzada ematea. 2015ean, egunaren izenari bifobia erantsi zitzaion.