2015eko azaroak 11

SEI URTEZ EUSKARAZ MINTZATZEN MINTZAKIDEREKIN

“Parke laguna” finkatu da. Euskara Zerbitzuak iaz abian jarritako proiektu pilotua da, Mintzakide programa gurasoen neurrira egokitzeko. Bada, orain Sarrigurenen eta Burlatan ezarriko da.

Mintzakide programa oso ongi dabil osasunez Berriobeitiko udalerrian. Izan ere, 2009an ezarri zenetik, auzokide talde bat ari da ekimenean euskaraz mintzatzeko; hau da, euskaraz dakitenak eta ikasten ari direnak edota erraztasuna galdu dutenak astean behin biltzen dira euskaraz aritzeko. Orain arte, udalerrian bi talde ari ziren: bata Berriobeitin eta, bestea, Artika Berrin, baina iaz “Parke laguna” izeneko proiektu pilotua jarri zen abian, gurasoen artean euskaraz aritzeko taldeak sustatze aldera. Emai- tza onak ikusita, “Parke laguna” finkatzeaz gain, beste herri batzuetan ere ezarriko da; Burlatan eta Sarrigurenen, hain zuzen ere. Xedea da seme-alabak jostetan ari diren bitartean, gurasoek euskaraz hitz egitea. Pablo Cormenzana Mintzakideko arduraduna da, eta aitortzen du programak oso harrera ona izan duela. “Hasieran, zazpi lagunek eman zuten izena, baina gero, whatsApp talde bat sortu, eta hogei inguru elkartu ziren. Jendea oso pozik dago, eta modu ezin hobea da euskara seme-alabei transmititzeko ”.

Aurkezpena María Domínguez Gizarte Etxean

Joan den urriaren 15ean, “Parke laguna” ekimenaren edizio berriaren aurkezpen ofiziala egin zen Artika Berriko María Domínguez Gizarte Etxean; zehazki, askaria egin zen, eta animazio ikuskizun bat ere pailazo baten eskutik. Aitor Garmendia aita da eta, iaz, beste askorekin batera, programan parte hartu zuen. “Haur ttikiak dituzunean, ez duzu denborarik izaten, eta parkera etorri behar duzunez, ez da inolako ahalegin berezirik egin behar. Haurrak jostaketan ari diren bitartean, gurasoak euskaraz mintzatzen gara. Oso ekimen ona da euskara sustatzeko”.

Proiektua jada ezagutzen zuten gurasoei mintzakide berriak gehitu zitzaizkien, hala nola Ainara Etxeberria. “Euskaraz mintzatzen saiatzen naiz, baina beti ez dut norekin hitz egin. Programa oso interesgarria iruditzen zait”, esan digu. Idoia Petrirenak ere haurrentzako abantailak aipatu dizkigu. “Nire semearen ikaskideen gurasoek animatu ninduten etortzera. Nire ustez oso ongi dago, haurrak euskaraz jostatzeko modua baita, eta horrela, ez dute soilik ikastetxean erabiltzen”.

“Parke laguna” ostegunetan biltzen da 17:30etik 19:00etara Artika Berriko parkeetan, eta eguraldi txarra egiten badu, María Domínguez Gizarte Etxea erabiltzen dute. Argibidea jaso nahi duten guztiek jo dezatela Udalaren Euskara Zerbitzura (948 30 31 29), edo euskara@berrioplano posta elektronikoaren bidez.

Volver arriba